Eskolatu gabe etxean ikasten

HIK HASIK argitaratutako artikulu hau dakart blogera, Euskararen nazioarteko egunean

Eskolatu gabe etxean ikasten

Iraskuntza unibertsala eta derrigorrezkoaren ondoren, herrialde garatuetan beste irakaskuntza mota bat sortu da: familiek euren seme-alaben heziketa beren gain hartzea erabakitzen dute, modu arduratsuan eta etxean bertan. Eskola etxean, familian ikasi, familiako heziketa, etxeko heziketa, etxean ikasi, eskolarik gabe hezi, homeschooling, unschooling, learning otherwise… modu askotara deitzen zaio. Ez da eredu hobea edo txarragoa, beste alternatiba bat gehiago baizik. Batzuentzat egokiagoa izango da, eta beste batzuentzat ez. Izan ere, etxean irakasteak baldintza batzuk eskatzen ditu, eta horiek eduki ezean, hobe eskolara joatea. Horrez gain, legeak eta inguruak ere ez dute asko laguntzen hainbat herrialdetan.

Etxean hezteak zera esan nahi du: seme-alaben heziketaren kargu egitea modu integralean, bai ezagutzak eta abildadeak hartzeko, bai balioak eta printzipioak transmititzeko, eta beraz, funtzio horiek ez uztea inongo heziketa instituzioren esku.

Zergatik aukera hau?

Euskal Herrian gutxi dira etxean gelditzen direnak ikasten, eta gutxi horiek zenbat diren jakitea oso zaila da. Hemen ez dago inolako elkarterik; bai, ordea, estatu espainiarrean eta frantziarrean. Edonola ere, denek ez dute haietara jotzen. Batzuei ez zaie gustatzen beren burua argitara ateratzea, inguruan oraindik ere errezelo ugari sortzen baititu. Bide zaila dute, baina euren ideiak garbi dituzte. Aldaketa sakonak bizitzen ari garen unean bizi gara, eta inguruneak balioak transmititzeko zuen funtzioa galdu egin duela iruditzen zaie. Eskola, ostera, gaindituta dago curriculum hezigarria eskaintzeko beharrarekin, eta “ezkutuko curriculumeko” hezitzaileak falta dira. Gauzak horrela, eskolak ezin dituela berme guztiak eskaini uste dute, eta beraz, ez dagoela arrazoirik beste heziketa aukerak baztertzeko. “Guk, guraso eta tutore legalok, gure seme-alaben heziketaren erantzuleok, heziketa eredu batean sinesten dugu: aldakorra den munduan herritar arduratsuak izateko gaitasunak hartzeko aukera emango duen heziketa nahi dugu, gatazka pertsonalak kudeatzeko gai izan daitezela, eta gaur egun jasotzen dugun informazioa eta datu pila ulertzeko gai izan daitezela. Ez dugu uste pertsona guztiek bide beretik lortuko dutenik xede hori. Horregatik, etxean irakastea alternatiba baliagarria da gizarte heldu, plural eta benetan demokratikoan”.Bide hau hautatzen duten guztiek ez dituzte arrazoi berberak izaten, noski. Batzuek zio erlijioso edo ideologikoak izaten dituzte. Beste batzuek bide hau egokiago ikusten dute euren seme-alabek ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten.

Nola irakasten dute etxean?

Irakasteko metodoak askotarikoak dira, eta gurasoen esku egoten da. Batzuek curriculum ofiziala jarraitzen dute. Beste batzuek erreferentziatzat hartzen dute berau, baina seme-alabek gai zehatz batzuekiko duten interesari ematen diote lehentasuna eta modu erakargarriagoan lantzen dute. Beste familia batzuek haurraren kuriositate naturalaz baliatzen dira eta ez dute inolako curriculum ofizialik jarraitzen.

LEGEZKOA AL DA? EUSKAL HERRIAN

Etxean irakastea legeztatuta dago Ipar Euskal Herrian. Estatu frantziarreko 1998ko abenduaren 18ko Hezkuntza Kodeak (1882ko martxoaren 28koa aldatzen duena) jasotzen du eskubide hori.

L. 131-1 artikulua

Irakaskuntza derrigorrezkoa da sexu bietako haurrentzat, frantses zein atzerritarrentzat, 6 eta 16 urte bitartean.

L 131-2 artikulua

Derrigorrezko irakaskuntza modu hauetan eman daiteke: ikastetxe publiko edo pribatuetan, familian gurasoek edo gurasoetako batek, edo eurak aukeratutako edozein pertsonak.

L 131-5 artikulua

L 131-1 artikuluan definitutako derrigorrezko eskolaldiaren garaian dauden haurren arduradunek haurra eskola publiko edo pribatu batean matrikulatu behar dute. Edo bestela, udalari, Akademia Ikuskaritzari eta Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuetako Departamentuko zuzendariari jakinarazi behar zaio familian irakatsiko diotela. Kasu horretan, urtero adierazpen bat eskatuko zaie.Haurrak 6 urte betetzen dituen urteko ikasturte hasieran egin beharko da aipatutako derrigorrezko prozedura guztia, eta 16 urte bete arte ikasturte hasiera bakoitzero egin beharko da.Bizilekuz edo irakaskuntza moduz aldatuz gero, betebehar berberak jarraitu beharko dira aldaketaren ondorengo zortzi egunen buruan.

L 131-10 artikulua

Derrigorrezko eskolaldi garaian dauden eta irakaskuntza familian jasotzen duten haurrei galdetegi bat pasatzen dio dagokion udalak lehen urtetik hasita eta bi urtero. Galdetegiaren xedea da haurraren arduradunen arrazoiak jasotzea, eta egiaztatzea haurraren osasunak eta familiaren bizi baldintzak egokiak direla familian irakasteko. Galdetegiak ez du ezer esaten irakaskuntza kalitateari buruz. Emaitzak Akademia Ikuskaritzari eta Hezkuntza Nazionaleko Zerbitzuetako Departamentuko zuzendariari jakinarazi behar zaizkio.Bi urtetik behin berritu behar da.Galdetegia betetzen ez bada, departamentuko Estatuko ordezkariak bideratuko du.Familiaren adierazpenetik hiru hilabetera eta gutxienez urtean behin, ikuskariak kontrol bat eramango du aurrera. Horrela egiaztatuko da haurrak jasotzen duen irakaskuntza bat datorrela haurrak irakaskuntzarako duen eskubidearekin (L 131-1-1 artikuluan definitzen dena).Akademia ikuskariak preskribatzen duen kontrol hori haurren gurasoen etxean egingo da.Kontrola behar den garaian egiten ez bada, dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio familiari.Kontrola aurkakoa edo kaltegarria baldin bada, ikuskariak epe bat emango dio familia egoera hobetzeko edo bere argudioak hobetzeko. Epe hori bukatutakoan beste kontrol bat egin dezake. Eta emaitzak ez badira nahikotzat hartzen, familiak berak aukeratutako zentro publiko edo pribatu batean matrikulatu beharko du haurra 15 eguneko epean. Aukeratutako ikastetxearen berri eman behar zaio udalari, berau Akademia ikuskariarekin, eskolarekin edota aukeratutako zentroarekin harremanetan jar dadin.Haurrei eskatzen zaizkien ezagutzen edukia dekretuz finkatuta dago (1999ko martxoaren 23ko 99-224 dekretua).

R 131-18 artikulua

Gurasoek, tutoreek edo arduradunek ez baldin badiote udalari jakinarazten etxean edo kontzertatu gabeko zentro batean irakatsiko diotela, isuna jarriko zaie.

Hego Euskal Herrian etxeko heziketa ez dago arautua. Espainiako Konstituzioak babesten du familiek duten askatasuna euren seme-alabak ondoen irizten duten moduan hezteko. Era berean, ordea, etxeko irakaskuntzaren inguruan ez dago araurik edo legerik. LOEk ere ez du aukera hori espresuki aitortzen. Beraz, lege aldetik hutsune bat dago.

Zenbait familia “salatuak” izan dira Gizarte Ongizate Sailetan euren seme-alabak ikastetxeetan ez eskolatzeagatik. Kasu horietan, ez eskolatzea tratu txarren edo utzikeriaren zantzutzat hartu zen. Baina “salaketa” horietako gutxi iritsi dira auzitegietara. Epaile gehienek atzera botatzen dituzte salaketak utzikeriarik ez baizik eta ohikoa baino arreta gehiago dagoela frogatutakoan. Egon diren epaiketa gehienetan sententzia familiaren aldekoa izan da. Kasurik okerrenean, gurasoei jarritako “kondena” seme-alabak ikastetxe batean eskolatzea izan da. Ez litzateke logikoa izango seme-alaben kustodia kentzea baldin eta frogatzen bada zainduta daudela. Horrelakorik ez da inoiz gertatu. Azkenaldian administrazioak ez du inolako oztoporik jartzen.Seme-alabei etxean irakasten dieten familiak legearen ondorengo artikuluetan oinarritzen dira beren eskubidea defendatzeko.

Helbide interesgarriak

– ALE, Asociación para la Libre Educaión:www.educacionlibre.org

– Crecer sin Escuela: http://www.crecersinescuela.org

– OFE, Organización Familia Escolar: http://www.familiaescolar.com

http://www.aprendersinescuela.net

– Les Enfants d´abord: http://www.lesenfantsdabord.org- http://ecolesdifferentes.free.fr

http://www.cise.ass.fr- http://laia.asso.free.fr

– XELL, Xarxa d´educació lliure: http://www.educaciolliure.org

– Neixer i Créixer: http://www.geocities.com/neixer_i_creixer

http://es.groups.yahoo.com/group/educacionlibre

http://www.education-otherwise.org

http://www.hotlgws.com-http://learninfreedom.org/homeschool_growth.html

Anuncios

Acerca de madalen

Profesora de Derecho Civil de la EHU-UPV

2 pensamientos en “Eskolatu gabe etxean ikasten

  1. Tengo que darme el tiempo de usar el traductor… Marcela me/nos paso uno en internet que facilita las cosas ;-D.

    Con un poco de retraso..¡¡feliz día del euskera!! Me acordé mucho de ustedes.

Deja un comentario aquí

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s