GAUR 8ko artikulua

Me hicieron esta entrevista en verano.

giz130726_0053

 

GAUR 8

 

Madalen Goiria, Zuzenbidean doktorea: «Autonomia erkidego batek bere kabuz arautu ahalko luke eskolatze partziala»

 

Hezkuntza sistemaren zurruntasunak garai berrietara egokitu eta «flexischooling» edo eskolatze partziala gisako ereduei ere leku egin behar zaiela dio. Legalki, posible da.

 

Amalur Artola

 

Haurren heziketarekiko ardura berezia du Madalen Goiriak eta horregatik erabaki zuen bere doktoretza tesia etxeko heziketa edo homeschool mugimenduaren gainean egin behar zuela. Estatu espainolean zein munduan alor honetan dauden legediak aztertu ditu eta Alemania, Herbehereak, Grezia, Zipre eta Estatu espainola lirateke haurrak etxean heztearekiko ezkorren azaltzen diren herrialdeak. Homeschooling-a baimentzen dutenen artean eredu oso ezberdinak egonda ere, herrialde askok onartzen dute: Ingalaterra, Estatu frantsesa, AEBak, Kanada, Txile, Argentina, Australia, Zeelanda Berria, Japonia…
Egungo legedian txertatzea «oso konplikatua ez den eredua» ere proposatzen du: flexischooling edo eskolatze partziala.

«Homeschool» mugimendua 70eko-80ko hamarkadetan sortu zen AEBetan. Zeintzuk ziren haren ezaugarriak?
Eurek esaten zuten eskola batek, instituzio den aldetik, irakaskuntza publikoa eta doakoa eskaintzea ondo dagoela, baina horrek ez duela zertan betebehar izan. Eskola instituzio piramidal autoritario, memoristiko, kreatibitaterik gabeko eta masifikatuaren aurreko erantzun gisa sortu zen: John Holt, Ivan Illich eta abarrek hezkuntzarako eskubidea etxean bete zitekeela zioten.

Noiz iritsi zen Euskal Herrira?
Hogei urte geroago, baina Europan beste era batera eman zen, AEBetan hasiera oso berezia izan zen. Growing without school mugimendua anitza zen oso: alde batetik ezkerreko libertarioak zeuden eta hauek esaten zuten eskola sistema kapitalista eta matxistaren isla zela eta molde horiek errepikatzen zituela, baina, era berean, mugimenduaren barnean erlijiosoak ere bazeuden, eta hauek uste zuten euren umeak heztea jaungoikoaren agindua zela, eta ezin zutela instituzio sekular baten esku utzi. Azken horiek eskuindarrak ziren, Bush’s Army izena ere hartu zuten batzuek. AEBetako egitura mutur batetik besterakoa da.

Erdibidekorik ez al da?
Bai, eta ikerketa egiten ari nintzela sumatu dudan gauzetariko bat da hemen azken hamarkadetan gehien ugaldu direnak horiek direla: eskolaren aurka ezer ez duten pertsonak dira, haurrak eskolatu dituztenak, baina eskolan zerbait gertatu eta atera egin dituzte. Orduan, garrantzitsua da bi familia mota bereiztea: arrazoi ideologiko edo erlijiosoengatik haurrak inoiz ere eskolatu ez dituztenak –David Mitchelek “lurtar” eta “zerutar” gisa definitzen zituen– eta eskolatzean gertatu den zerbaitengatik haurrak eskolatik ateratzea erabakitzen dutenak. Hori da azken hogei urtetan gehien hazi den taldea eta nik “eskola sistemaren biktimak” direla esaten dut.

Ze berezitasun dute «eskola sistemaren biktimek»?
Egin nuen inkestan, gurasoek esan zuten euren haurrak egungo marka, telebista, biolentzia eta abarretatik babestu gura dituztela eta pentsatzen dute eskolan horiez kutsatzen direla. Etxean babes ditzakete haurrak, ez dute zertan horrenbeste eraso jasan.

Eraso ideologikoak?
Psikologikoak gehiago, haur batzuentzat oso gogorra delako eskolara joatea. Haur batzuek zortzi ordu ematen dituzte handik irten gabe, euren bizitza osoa garatzen da eskolaren inguruan eta gurasoekin ia ez dute harremanik. Etxean daudenean ere, etxeko lanak dituzte eta eskolako haurrekin irteten dira. Guraso askok haurrei pasatzen zaizkien gauza asko galtzen dituztela sentitzen dute eta eurentzat oso mingarria da, adibidez, irakurtzen nola ikasten duten ez ikustea. Eurekin eduki nahi dituzte. Hauek heziera naturalekoak lirateke eta eurentzat naturala haurrak etxean heztea da.

Bigarren taldea «pedagogoek» osatzen dute. Zeintzuk dira?
Eskola sistema txarra dela uste dutenak, eskolan ez dela ezer ikasten. Zergatik? 24 haur izanda ezinezkoa delako bakoitzaren beharrizanei egoki erantzutea. Haurren erritmoa jarraitu beharrean talde handi batena jarraitu behar da, eta, atzean geratzen dena, atzean geratzen da. Pedagogoek uste dute hobe dela etxean haurrari egokitutako programazioa osatzea, eta, hala, eskolan zortzi ordutan egiten dena, etxean bi ordutan egin. Eta gero denbora dute instrumentuak jotzeko, hizkuntzak ikasteko, olgetarako, bidaiak egiteko… Eskolan denbora asko galtzen dela uste dute eta gurasoetariko bat etxean egon eta halako programazio bat egiteko prest badago, hori dela egokiena. Hirugarren taldea, aipatu dugun biktimena da. Eta laugarrenak arrazoi ideologikoak dituztenak, ezker muturrekoak, anarkistak eta abar, eskolak bizimodu kapitalista islatzen duela uste dutenak.

Gehien zabaldu dena «biktimen» taldea dela esan duzu. Identifikatu duzu zergatia?
Ba batetik bullying-a jasan dutenak daude, bestetik beharrizan bereziak dituztenak (arreta-falta, autismo espektroak… kasu mordoa daude) eta goi-mailako gaitasunak dituztenak (aspertu eta eskola porrotarekin amaitzen dute), eta, azkenik, eskolari fobia diotenak. Arrazoi ezberdinengatik, sufritu egiten dute eskolan, ezin dute jasan eta gaixotu egiten dira.

Zer gertatzen da familia batek etxeko hezkuntzaren aldeko hautua egiten duenean?
Ezberdina da haurra inoiz eskolan egon ez bada edo eskolatik atera bada. Sekula eskolan egon ez bada eta heziera naturaletik badator, unschool sistema erabiltzen da: programaziorik gabe aritzen dira. Ez dugu ezer prestatuko haurra nolakoa den eta ze beharrizan dituen jakin arte, eta, gero, bere interes arloak garatuko ditugu. Adibidez, narrastiak gustatzen bazaizkio, joango gara historia naturalaren museora, ikusiko ditugu narrastien gaineko pelikulak, liburu zientifikoak, kromoak… Eta horrekin garatuko ditu zinematografia, literatura, zientzia, hizkuntzak… Interes eremuak era holistikoan garatzen dira, ezagutza ez da irakasgaietan zatitzen. Eta narrastiez aspertzean, agian “Star Trek” hartuko dugu eremutzat…

Eta ez badatoz heziera naturaletik?
Nagusiki erlijiosoak izaten dira: funtsean eskola etxe barrura eramaten dute. Oso metodikoak eta zorrotzak dira –ezagutu dut haurrak eskola orduetan uniformez janzten duen familiarik ere– eta normalean distantziako eskolen bidez aritzen dira, material didaktikoetatik eboluzioaren teoria eta beste zenbait gauza ezabatuta.
Eta bada hirugarren talde bat ere: eklektikoak. Hau da zabalena. Ez dute distantziako eskola baten programarik jarraitzen baina badute nolabaiteko egitura. Hauek pentsatzen dute 6-8 urterekin idazten eta irakurtzen ikastea komenigarria dela, izan ere, unschool ereduan haurrek ez badute interesik erakutsi irits daitezke 12 urtera irakurtzen jakin gabe. Asko gertatzen dena da unschool eredua 5-6 urtera arte eman eta eklektikora pasatzea, zure pentsamenduetan oso trinkoa izan behar zarelako irakurtzen ez erakusteko tentazioari eusteko.

Euskal Herrian zer zailtasunekin egiten dute topo heziera eredu horietakoren bat hautatzen dutenek?
Ipar Euskal Herrian legezkoa da eta ez da aparteko arazorik. Hegoaldean guztiz problematikoa da, legea ere ez delako oso argia. Konstituzioak 27. artikuluan hezkuntza eskubidea eta irakaskuntza askatasuna aitortzen ditu. Esaten du hezkuntza unibertsala eta doakoa izango dela, sistema eskolarra garatzea eta diseinatzea Estatuari dagozkiola, baita titulazioen homologazioa eta ikuskaritza lana ere… Baina inon ez da esaten eskolatzea beharrezkoa denik. “Eskolatze” berba 27. artikulu hori garatzen duten lege organikoetan (LOGSE lehen, LOE gero) aipatzen da, baina ez dago eskolatze hori etxera eroan ezin dela esaten duen legerik. Orduan, sortzen zaigun galdera da ea zer den eskolatzea.

Zer da ba eskolatzea?
Eskola batean ikastea. Eta eskola? Esaten da eskolatzea eroan behar duela oinarrizko irakaskuntza titulu hori aurrera eramateko gaitasuna eta baimena duenak, eta horretarako sortu zen estatu eta autonomia mailako erregistro bat, non zerrendatzen diren hori egin dezaketen eskolak. Hortik eratortzen da “eskolatzea” eskola horietako batean egotea izatea.

Eta «homeschool» eredua nahi dutenek zer egiten dute?
Ba oso problematikoa da. Eskolatik atera badugu absentista da eta eskolak parte eman behar du: ez badu partea gizarte zerbitzuetara eta hezkuntza ikuskaritzara bidaltzen, prebarikatzen ari da. Sekula eskolatu gabeko haurrek kasuan, herriko gizarte zerbitzuek badakite herrian zenbat haur dauden erroldatuta eta zenbat eskolatuta, eta ez badaude ikertu egin behar dute eta polizia ere bidal dezakete zure etxera. Beste batzuetan, salaketak izaten dira, baita familia barruan ere.

Eta orduan zer?
Batzuk artxibatu egiten dira; haurra familian ondo dagoen, programazio eskolarrik duen eta abar ikusi eta jarraipena egiteko akordioa egiten dute. Ez bada artxibatzen, kasua adin gabekoen fiskaltzara doa.

Asko heltzen dira horraino?
Bai, badira batzuk, bai. Estatu mailan, urteko 30 inguru. Asko hor geratzen dira eta beste batzuk epaiketara doaz. Lehen, Zigor Kodetik jotzen zen, delitua abandonua edo babesgabetasuna izaten zen eta normalean absoluzioarekin amaitzen zen, baina 2010eko sententzia batek aldaketa ekarri zuen: zibiletik etorri zen eta Auzitegi Konstituzionalak esan zuen ez duela epaituko guraso ona edo txarra zaren edo haurrak zenbat ikasten duen, esan zuena zen badagoela lege organiko bat eskolatzea inposatzen duena eta agindu hori bete behar duzula. Eta ez baduzu betetzen, ikusiko dugu zer egiten dugun kustodiarekin.

Kasu horrek eragin handia izango zuen ondorengoetan…
Ikaragarria. Lehentasuna haurraren hezkuntza eskubideak du eta Auzitegi Konstituzionalak dio gurasoek ezin dutela hori ukatu euren irakaskuntza askatasuna aurrera eramateko.

Horren aurrean, zuk eskolatze partziala proposatzen duzu.
Bai. Posible da nik eskolaren aurka ezer ez edukitzea eta, are gehiago, eskolan aurrera eramaten diren zenbait jarduerekiko interesa edukitzea, baina ez dut nahi nire umea zortzi orduz sistema zurrun horretan egotea. Adibidez, astearte arratsaldeak libre baditut, zergatik ezin dut geratu haurrarekin eskolara medikura goazela edo beste gezurren bat esaten duen oharra bidali gabe? Errazagoa litzateke irailean “begira, nik astearte arratsaldeak libre ditut eta haurrarekin gauzak egin nahi ditut” esatea, izan Guggenheimera edo perretxiko bila joateko. Egun, legalki, hori ezin dugu egin, eta nire ondorioa da eskola sistemak duen arazoa malgutasun falta dela. Malgutasun hori edukiz gero, ikaskuntza eskolan eta etxean legoke.

Ingalaterran halako eredurik badela diozu.
Bai, han eskola batzuk eskaintzen dute flexischooling programa, beste batzuk txinatarra edo igerileku estalia eskaintzen duten bezala. Eredu horretan haurra matrikulatu gisa ageri da eta gurasoek kontratu bat egiten dute eskolarekin: adibidez, haurraren heziketaren %30 gurasoek ematea eta %70 eskolak. Orduen edo asignaturen arabera zatitzen da eta azkenean haurrak curriculum osoa betetzen du. Ez da eskola librea, baina ezta eskola hertsia ere.

Legalki, zaila litzateke eredua hona ekartzea?
Pentsatzen dut ez litzatekeela oso problematikoa izango. Inon ez da esaten eskolatzeak presentziala eta eskola ordu osokoa izan behar duenik. Hori da nire tesiaren oinarria: eskolatzea aipatzen den lege organikoko 2.4. artikuluan eskolatze eredu bat gaineratuta autonomia erkidego batek arautu ahalko luke eta ez litzateke legearen kontra joango. Nire ustez, posible da.

Arautzea, beraz, erraza da.
Ez da konplikatua. Eta Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi esan du: eurek edo Estatuak eratzen, planifikatzen edo proposatzen badu beste modu bat eskolatze hori aurrera eramateko, ez dago arazorik. Bete behar den bakarra, eta hori argi dugu denok, hezkuntzarako eskubidea da. Arazoa ez da hezkuntza, “eskolatze” berba da, eta nik esaten dudana da hezkuntza sistemaren zurruntasuna apurtu behar dela. Nik beti esaten dut XIX. mendeko eskolan geratu garela: egun telelana dago, zenbait lanbide zentroan eta etxean egiten dira, edo ez presentzialak dira, batzuetan lau hilabetetan lanordu osora gaude eta hurrengo bitan erdira… Lan mundua egokitu da bizimodu ezberdinetara eta familia horiek eskola ere egokitzea eskatuko dute.

Tesia aurkeztu zenuenean eredu hori iritsiko dela esan zizuten. Hala uste duzu zuk?
Bai, ni ere ziur nago. Eskola libreak, flexischooling eredua jarraitzen dutenak, distantziakoak, etxe eskolak… dena etorriko da. Horren zurrunak diren egiturak ez dira apurka hausten: lehertu egiten dira. Egoerak eztanda egiten duenean sortuko dira errealitate ezberdinak eta erronkak ere ezberdinak izango dira, baita sortuko diren arriskuak ere; gizarteak hor egon beharko du horiek konpontzeko, moldatzeko. Haurraren ongizatea da printzipio nagusia, beti egin behar da umearen interesen alde. Hori izan behar da oinarrizko printzipioa, ez eskola sistema bezala gordetzea.

Anuncios

Deja un comentario aquí

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s