Haurrak etxean edo eskolan hezi?

 

A raíz del reportaje que publicó el diario Berria sobre el homeschool, me comunicaron desde el periódico que había sido muy leído y que había abierto un debate, por eso me proponian escribir un artículo de opinión que se publicaría en la sección del periódico que se llama «Aula de debate»

Aquí está el artículo que envié: Berria: Eztabaida gela

Haurrak etxean edo eskolan hezi?

Egungo hezkuntza ereduak kritikarako hainbat hari mutur ditu, baita haurra etxean hezteak ere; Ezeizak eta Goirik aletu dituzte argudioak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: http://www.berria.eus/iritzia

2018-01-28

Ainhoa Ezeiza Ramos

Eskolarik ez, eskerrik asko? Edo, bai

Ainhoa Ezeiza Ramos. EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea

Jende asko ez dago konforme egungo eskola eredu nagusiarekin: batzuen ustez, euren seme-alabek hezkuntza kalitate hobea merezi dute, lan-merkatuan maila gorenean lehiatzeko; zenbait gurasoren iritziz, eurek gehiago dakite edozein irakaslek baino eta haurrek etxean gehiago ikasiko lukete ondorioz; beste batzuen irudiko, eskolaren mundua bortitza da eta etxearen goxoan babestuago leudeke, arriskuetatik urrun… Bestalde, gizartearen norabidea ikusita, beste mundu bat eraiki nahi lukeen jendeak eskola etsai nagusitzat du, oso zaila baita eskolan ikasitako egitura kognitiboak, portaerak eta mundu-ikuskerak aldatzea.

Hala ere, oso jende gutxik irudikatzen du eskolarik gabeko mundu bat, eta askoz gutxiago dira eskolaren bidea saihestu dutenak. Zenbaitek seme-alabak etxean heztea erabaki dute (homeschooling delakoa), eta badira hezkuntza komunalean dihardutenak ere. Seme-alabak etxean hezten dituztenek ikuspegi indibidualistari heltzen diote eta askotan, atzean dagoen ideia da semea edo alaba familiaren beste jabetza bat dela. Hezkuntza komunalean, aldiz, ikuspegi sozialari heltzen zaio eta bizi-komunitateak eratzen dituzte, zeinetan hezkuntza eguneroko jardueretan txertatuta dagoen.

Interesgarria da bestelako munduak irudikatzea eta praktikara eramatea, baina soilik egoera sozial, ekonomiko edo intelektual jakin batean dagoen jendeak lor dezake seme-alabak eskolara ez eramatea. Pobrea bazara, edo ikasketa gabea, edo zure ogibideak ez badizu aukerarik ematen seme-alaben heziketaren kargu hartzeko, edo ezin izango duzu edo gizarte-langileak zure gurasotasuna auzitan jarriko du.

Bai eskolaratzeak eta bai eskolarik gabeko hezkuntzak arazo bera dute: sinpletasunaren paradigman mugitzen dira. Gaur-gaurkoz, eskolarik gabeko hezkuntzak, elitista izateaz gain, ez du arazoa konpontzen, isolamenduan oinarritzen baita. Eskolaren eraldaketan jarri beharko genuke indarra, eta eraldaketa hori beti da premiazkoa, gurasoek ez baitiote «ikuspegi historikoari» heldu nahi, seme-alabak hazi egiten dira eta alferrikakotzat hartzen dute arazoa «datozen urteotan» konpontzearen promesa. Horregatik, eraldaketa hori eskolaren eguneroko bizitzatik abiatu beharko litzateke, eta egiturak malgutzen joan.

Eskola «sozialki onuragarria» izan daitekeela onartuta ere, errepikapen errepikatzailean oinarritzen da eta harreman-moduak mendetasunekoak dira; horrela, gaitza da ikasleek autonomiaz jokatzeko gaitasuna garatzea, eta are gutxiago elkarrengandik ikasteko trebetasuna. Sormena, pentsamendu dibergentea eta kritikoa sustatzeko, ardatza curriculumeko helburuetan jarri beharrean, konplexutasunaren paradigmara pasa beharko genuke. Konplexutasunak inperfekzioa, osagabetasuna eta ziurgabezia ditu bere baitan, eta hori eskola gehienen planteamenduetatik dezente urrun kokatzen da. Konplexutasun hori garatzeko, eskola komunitaterantz dezentratu behar da, modu zentrifugoan, eta pertsona edota talde bakoitzaren pentsamenduak, sentitzeak eta egiteak balioan jarriko dituzten topaketak sustatu. Edukiak errepikapen sortzailearen bitartez eraiki beharko lirateke, jakintza herrikoiak eta ezagutza zientifikoak elkarlotuz. Ulertu behar da hezkuntza ez dela eskolaren ondarea, ezta unibertsitatearena ere, eta ikastetxea kokatuta dagoen herri, auzo edo hirian beste hezkuntza-esparru batzuk daudela, formalak ez direnak, eta eurekin lotura horizontalak josi behar dira. Eskola eraldatzeko eguneroko bizitzarekin konektatu behar du eta bere isolamendua hautsi, denon jakintzak baliatuz. Hori egiteko, ez da legerik behar; nahikoa da eskolako eragileen borondatea.

Madalen Goiria

Etxean heztea, bide berrien hazi

Madalen Goiria. EHUko Zuzenbide Zibileko irakaslea

Homeschool edo etxean heztea mundu mailako fenomenoa da. Betidanik etxea edo tribua izan da eremu egokiena gizarteak eskatzen dion jokabidea umeak ikasteko eta barneratzeko.

Legez, gurasoak dira seme-alaben heziketan lehen erantzuleak, baina gaur egungo eskolak, instituzio gisa, nahiz eta berria izan, hezitzaile nagusia izatea eskatzen du, gurasoen protagonismoaren kalterako, gizarteak eskola sisteman uzten duelako bere haur eta gazteen heziketa osoa. Nelida Zaitegik Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea Irakasleen Fakultatean esan zuenez, «haurrak eskolan euren mahaitxoetan jarrita daudela aprobetxatuz, irakasleen eskuetan uzten dugu dena: trafikoari buruzko heziketa, emakumeen aurkako indarkeria, sexualitatea, ikasketa oro eskolaren zama bihurtzen ari da. Ezin dutenez alde egin, halaxe jasoko dituzte eduki guztiak».

Ezagunak dira eskola sistemaren gabeziak. Haur gehiegi daude geletan, buruz ikasi behar dituzte edukiak, azterketen presioak beldurra sorrarazten die eta etxeko lanak, eskolaren barruan egiten diren gauza berdinak errepikatuz asmatzen dira. Eskola eraikinak ere, ez dira egokiak talde lana egiteko eta, homogeneitatea eta men egitea, eskolaren sistemaren barneko zutabeak izanik, kreatibitatea eta norbere estima ezabatzen dituztenak dira. Eskola sistema ez dago XXI. mendera egokitua. Batzuk barnetik borrokatzen dute hori konpontzeko, baina besteen iritzietan, aldaketak, badatoz ere, beranduegi iritsiko dira euren haurrentzat; euren betebeharra guraso gisa, seme-alabak euren printzipioen arabera heztea dela uste dute. Eskola sistemak ez badu hori eskaintzen, gero eta gehiago izango dira sistema kulunkan jartzen duten familiak.

Badira familia batzuk eskolari bizkar emanez, beraien espazioak antolatzen hasi direnak. Aitzindariak dira, eta argi daukate haurren heziketaren funtsa errespetua dela, eta hori ez da bermatzen eskola sistemaren barnean. Haur guztiek gauza bera egin behar badute, ez da bermatzen bakoitzaren erritmoa errespetatuz irakastea. Aldiz, funtsezko aldaketak egin gabe, azaleko erreformak bultzatzen dira eta Gattopardo izeneko nobelaren moduan «guztia aldatu behar da denak berdin jarraitzea nahi badugu».

Hala ere, ez dago familien zereginen artean eskola sistema aldatzea. Nahi duenak egin dezake, noski, baina familien zeregina etxe barruan dago. Askotan eskola sistematik kexak igortzen zaizkie gurasoei, beraien haurren heziketaz ez direla arduratzen esanez. Eskolaren zeregina ez dela heztea esaten dute, edukiak transmititzea baizik. Mezu kontrajarriak dira. Alde batetik, eskola onartu behar da, legezko betebeharra delako; eta bestetik, ez dago argi zer den eskolak egin behar duena eta familien kargu gelditzen dena.

Etorkizunaren ikuspegi berri bat erakusten digute etxean heztea aukeratu duten familiek. Sistemaren akatsak seinalatzen dituzte eta, noski, eskola sistemaren barnean defentsa erreflexua sorrarazten du. Beti izan da horrela. Gogoratu ekologistak, animalien aldekoak, feministak, homosexualak, gizartearen akatsak seinalatzen dituen mugimendu ororen aurreko erreakzioa beti izan da oker daudela esatea, ez badira satira eta sarkasmoaren biktima bihurtzen. Baina, eskola sistemaren barnean aldaketak egongo dira, eta ez dira momentu honetan familiek beraien etxeetan egiten dutenaren metodo eta moduetatik horren urrun egongo.

1 comentario en “Haurrak etxean edo eskolan hezi?

  1. Pingback: La opción de educar en casa

Deja un comentario aquí